Skip to main content

AGERRALDIA aurkeztu dugu, euskara sustatzeko ekimena

Submitted by admin on Ar, 10/15/2019 - 13:33

Elkarte berri honekin euskararen ezagutza zabaldu nahi dugu, erabilera handitu eta aldeko jarrerak indartu Ager Vasconum zonaldean, Nafarroa erdi eta hegoaldean, alegia. Errigoratik jaio den mugimendua izaki, hasiera batean, udazkeneko “euskarari puzka” kanpainaren bidez finantzatuko da. Zehazki, saski eskaeretatik sortzen den diru ekarpenaren zati bat Agerraldiarentzat izango da.  

Agerraren aldiari ongi etorria eman eta euskararen sustapenean mugarri bat jarri dugu larunbat honetan, Tafallan egin dugun jaialdiarekin. Ager zonaldeko dantzariak, kalejira, auzolana, herri bazakaria eta kontzertuak. Ospakizun indartsua “Agerraldia” ekimena aurkezteko.

Eremu bat: ager vasconum. Erromatarrek euskaldunen lurraren hegoalde zabalari izen hori jarri ziotelakoan, deitura bera erabili ohi da, bi mila urte beranduago, Nafarroaren hegoak izendatzeko. Cortesetik Garesera eta Vianatik Zangozara doan eremua litzateke ager vasconum; Nafarroaren «lur beroen sabel emankorra».

Hiru moldetan agertuko zaigu Agerraldia: batetik, euskara ezagutzeko aukerak lagundu eta handitzeko ahaleginean; bigarrenik, euskara erabiltzeko espazioak sortu eta egonkortzeko ekimenean; eta hirugarrenik, euskararen aldeko jarrerak indartu eta suspertzeko ekinean. Eremu guztiak zeharkatuko dituzten bideak ibili nahi ditu: dela kulturaren alorra, edo aisialdia, kirola, lan-eremua, hedabideena, irakaskuntza, sare sozialak…

Mugimendu bat eragin nahi duen ekimenaren forma izango du Agerraldiak. Euskararen eta euskal kulturaren alde ari diren norbanakoak eta eragileak saretuko ditugu askotariko mugimendua eragiteko. Askotariko gaiak, pertsonak, eragileak eta ekintzak bultzatu, lagundu eta sustatu nahi ditugu.

Eginkizun nagusietakoa zonaldeko euskaldunak, euskaltzaleak eta eragileak saretzea izango da. Modu horretan, kontaktuak eta harremanak egiteaz gain, herritarren beharrak eta hausnaketak aztertu ahalko dira. Hori dela eta herritarrak protagonista izango dira erabakietan eta egitasmoen gauzatzean. Horrez gain Euskal Herriko gainontzeko eragileak zonaldeari begira jartzen saiatuko gara, eta proiektu zehatzetan parte hartzeko aukera izango dute.

Errigoraren kezka hau zen: Euskarari Puzka kanpaina agortzen bada zer geldituko da zonalde honetan euskalgintzan? Kezka horri aurre egiteko erabaki genuen proiektu bat sortzea, gero ere bide propioa izango zuena, zonaldean euskararen alde ari diren ekimenak indartzeko eta berriak lortzeko. Eta asmo horrek Agerraldiaren forma hartu du.

Ate joka dugun “euskarari puzka” kanpainako saskiak eskatuta egin dakioke putz Agerraldiari. Izan ere, saskietatik ateratzen den diru ekarpenaren zati bat Agerraldiak jasoko du; AEK, Ikastolen Elkartea eta Sortzenekin batera.