3.000 denpentsa kontsumo arduratsuaren bidean

Aurtengo olioaren kanpainan 9.100 bidoi, hau da, 45.500 litro olio banatu dugu Euskal Herriaren luze zabalean. Iaz baino %50 gehiago.

Zorionak guztioi eta eskerrik asko kontsumo arduratsuaren bidea zabaltzen laguntzeagatik. Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura sendotzen ari gara guztion ahaleginari esker!

Kanpainan esaten genuen bezala, bertoko produktuak kontsumitzea da kalitatezko elikagaiak eskuratu, ingurumena zaindu eta gure nekazari eta ekoizleen ogibidea babesteko bide eraginkorrena. Argi eta garbi ikusi ahal izan dugu olioaren kanpainan: 3.000 despentsatara helarazi dugu primerako oliba olio birjina estra, 1.600 nekazarik Erriberako olibadietan jasotako olibekin, bertoko 2 olio errotatan, ekoitzitzako olioa eskutik eskura banatuz. Eta hala, gaur-gaurkoz, euren merkaturatze bide nagusia da Errigora. Edo, bestela esanda, auzolana.

Hau guztia, gainera, hegoaldeko uzta eskasaren eraginez olioaren prezioak nabarmen gora egin duen urte batean lortu dugu, herritar andanaren konpromisoari esker. Bitartekaritza espekulatiborik gabe, ehunka lagun auzolanean antolatuta lortu dugu gainera, kontsumitzaile zein nekazari eta ekoizleentzat egokia den prezioan. Eta euskaraz.

Aurrera begira, Errigoraren erronka kontsumo ohituren aldaketan sakontzea eta eskutik eskura egonkortu eta hedatzea izango da. Jende gehiagorengana heldu nahi dugu, eta, era berean, eskaeren tamaina handitzeko ahalegina egingo dugu, gure helburua despentsak urte guztirako beste olio eta kontserbaz betetzea baita. Horretarako, ezinbestekoa dugu zure laguntza. Zure ingurukoak kontsumo arduratsuaren bidera ekartzeko saiakera egitea eskatzen dizugu, ekintza txikiekin helburu handiak lortzen jarraitzeko.

Sarea sendotzen ari gara!

Denbora gutxian (Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura iaz abiatu baikenuen) Errigoraren sarea nabarmen sendotu da. Iaz 30-35 herritan planteatu genuen kanpaina; aurten, berriz, herri berriak ekimenera batuta, 52ra heldu gara. Aurtengoan, gainera, eskaerak online egiteko aukera zabaldu dugu eta, hain zuzen, bide honetatik jaso ditugu 1.000 eskaera baino gehiago. Hala ere, eskaera gehienak Errigoraren sarekide eta lagunek herriz herri egindako lanaren emaitza dira. Ahoz aho, eskutik eskura. Biba zuek!

Edonola ere, kanpaina abiatzearekin batera heldu zaizkigu, batetik eta bestetik, herri berrietan #ESKUTIKeskura garatzeko proposamenak. Tamalez, oraingoan beranduegi iritsi dira, baina aurrera begira sarea hedatzeko aukerak pozez betetzen gaitu.

Eskaerekin ere antzera gertatu zaigu. Epea amaitu bezain pronto heldu zaizkigu gehiago, herritarrak  bertako produktuen gosez dauden seinale. Horra hor hurrengo kanpainetarako erronka. Ahal bezain beste jenderengana iristeko ahalegina eginez gero, emaitza izugarriak lor ditzakegu. Animo, beraz, kontsumo arduratsuaren bidean oraindik asko daukagu egiteko eta. Bi hilabete barru daukagu #ESKUTIKeskuraren bigarren txanda, kontserba loteen eskaintzarekin. Laster arte!

Leave a comment

Plain text

  • No se permiten etiquetas HTML.
  • Las direcciones de las páginas web y las de correo se convierten en enlaces automáticamente.
  • Saltos automáticos de líneas y de párrafos.