12.000 saski, 151.000 €

Horra kanpainaren emaitzak. Izugarria izan da, eta denon artean egin dugu posible! 12.000 saski inguru banatuko ditugu eta, honi esker, 151.000 € bideratuko dira Nafarroa hegoaldeko euskalgintzara.

2012an egin zen lehenengo kanpainan 1.500 saski banatu ziren, 2013an 8.000 izan zuren. Aurtengoan, koxka bat harago heldu gara: 12.000 saski! Iaz 500 banaketa-gune izatetik, aurten Euskal Herriko lurralde guztietan zehar 700 banaketa-gune izatera heldu gara. Guztira, ia 200 herri ingurutan egon da presente kanpaina, eta herri gehiagotara heltzen ari den heinean, emaitzak ere haziz doaz.  Eskerrik asko, banaketa-guneetan zerrendak kudeatzen edo bestelako edozein lanetan aritu zareten guzti-guztioi. Kanpaina honen arrakasta, zeuek jarritako ahalegin eta ilusioari esker izan da.

Komunikabideetan presentzia  handia

Baina herri gehiagotara heldu eta banaketa-gune kopurua hazteaz gain, komunikabideek eskainitako espazioak ere, lagundu du istorio berriak ezagutarazi, eta emaitza bikain hauek lortzen. Inoiz baino handiagoa izan da kanpaina hau landu duten komunikabideen kopurua. Telebista, irrati zein prentsa izan; nazionalak ala tokian tokikoak, sekulako interesa eta laguntzeko gogoa erakutsi dute. Zer litzateke (gure herria), herrigintzan sinisten duen komunikabiderik gabe? Mila esker, zuei ere!

Ekoizle kopuru handiagoa

Kanpaina honetan, protagonismo berezia izan dute ekoizleek. Nafarroa hegoaldeko egoera bizipen errealetatik kontatzeko sortutako 3 dokumentaletik 2tan, Imanol eta Angel ekoizleak izan dira protagonistak. Baina, horrez gain, oso aipagarria izan da beste hainbat modutara ere ekoizleek  erakutsi duten inplikazioa; komunikabide ezberdinetan elkarrizketak eginez, saskien muntaketan parte hartuz…

Baina aipagarriena da, aurten bikoiztu egin dela Errigora hornitzen duten ekoizleen kopurua. Saskien eskaera handia izateak, ekoizle gehiagorengana zabaltzeko aukera ematen du. Zenbat eta eskaera handiagoa, orduan eta ekoizle kopuru handiagoa saskiak hornitzeko.

Bestalde, ekoizleak hautatzeko erabilitako irizpideak, ez ditugu aldatu: Enpresa txikiak, langileen baldintzak zaintzen dituztenak, tokian tokikoa lehenesten dutenak… eta nola ez, kalitate bikaineko produktuak eskaintzen dituztenak!

Animo ba, lana ondo egin izanaren harrotasunarekin, goza dezagun eskuartean ditugun produktuez, ondo merezia dugu eta!

Leave a comment

Plain text

  • No HTML tags allowed.
  • Web gune eta posta helbideak lotura bezala agertuko dira automatikoki.
  • Lineak eta paragrafoak automatikoki egiten dira.