NONDIK GATOZ?

2012an, Zazpiak Bat Harreman Sareak bere iniziatibaz lan taldetxo bat osatu eta martxan jarri zuen proiektu hau. Kasu hartan Ikastolen Elkartearekin batera garatu zen proiektua. 1500 dik gora saski banatu ziren eta Argia Ikastolara 34.000 Euro bideratzea lortu zen. Ez dago gaizki, ezta?

2013ra begira, hausnartu eta helburuetan exigenteagoak izan gintezkeela konturatu ginen, proiektuaren lorpenetan oraindik hobetzerik bazegoela. Horrela ba, aldaketa batzuk planteatu ziren.

Proiektu honek nortasun eta antolakuntza propioa behar zituela ondorioztatu zen. Hori horrela, Zazpiak Bat Harreman Sarearen egitasmo honi ERRIGORA izena eman zitzaion.

NORTZUK GARA?

Horrez gain, egun ERRIGORA bere dinamika eta helburuekin bat egiten duen jende multzo batek ateratzen du aurrera. Sare erara funtzionatzen du eta sare hori, Euskal Herriko txoko ezberdinetako herritarrek osatzen dute, lagunek eta lagunen lagunek. Alegia, proiektu honen helburu eta filosofiarekin bat egiten duten herritar multzo zabal batek. Azken finean nekazariak, elaboratzaileak, euskaltzaleak, kontsumitzaileak… elkarlan ariketa baten baitan biltzen gaitu ERRIGORAK.

ZEIN IZANGO DA ERRIGORAREN PROPOSAMENA?

  • Batetik, NAFAR HEGOALDEKO UZTA EUSKARARI PUZKA.

Urtero Errigorak, Ikastolen Elkartea, Zazpiak Bat, Sortzen eta Aek-rekin elkarlanean, azaroan burutuko duen kanpainari emango zaio izen hau. 50 euroren truke, nafar produktuz osatutako saski koloretsu bat osotuko da. Euskal herriko hainbat txokotan eskuratu ahal izango da eta ateratako dirua (%25), euskara ofiziala ez den eremuko euskalgintzako proiektu ezberdinetara bideratuko da urtez urte

Saski berdinak merkatuan erosi ezkero ere 50 euro balioko lituzke. Alabaina, gure kasuan herritarren lan bolondresak egindako bitartekaritza lanak, %25 euskarari bideratzea errealitate bihurtzen du.

  • Bestetik, NAFAR HEGOALDEKO UZTA ESKUTIK ESKURA.

Kontsumo ohitura berriak dira ESKUTIK ESKURA-n ERRIGORA-k garatu nahi dituenak. Helburua Nafar hegoaldeko produktuak, urrunekoen ordez, gure sukaldeetara ekartzea litzateke: udazkeneko saskian dastatu eta gustatu zaigun hori, prezio zuzen eta erakargarrian urte osorako eskuratu ahal izatea. Geure produktuen kontsumoa erraztu eta ekoizpena sustatzea alegia, beti ere auzolanean.

Beraz, ezin uler genezake bata bestea gabe; biak ekimen berdinaren parte, biak ala biak apustu beraren zutabe.